2015-11-24

 

LOMCE/HEZIBERRI EZ! GUK GURE ESKOLA, EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA

 

IGE agurgarriak,

 Ondo dakizuenez, EHIGE LOMCEren contra agertu da hasieratik eta hainbat ekimen jarri ditu martxan: eskola-kontseilu demokratikoen aldeko kanpaina, lehen hezkuntzako 4.  mailako frogak 3.mailara aurreratzearen kontrakoa, eskola publiko laikoaren aldekoa eta abar. 

 Egun, LOMCEren alderdi negatiboenak EAEko araudian jasoak daude Heziberri izeneko planaren bidez, eta araudi hau ez da aldatuko Madrilen LOMCE indargabetu arren. Horregatik, gure ustez momentu honetan Heziberrik jasotzen dituen alderdi negatibo horiek salatzea da gure lehentasunezko helburua.

 Bestalde, Euskal Hezkuntza Legea lantzeko prozesua hasi du Eusko Jaurlaritzak. Gure ustetan lege honek Euskal Eskola Publikoaren aldeko apostu garbia egin beharko luke behin betiko, horrek dakarrenarekin (argi eta garbi definitu zer den ikastetxe publiko bat, plaza publikoak bermatu leku eta etapa guztietan, behar gehienak dituen ikaslegoa ikastetxe gutxi batzuetan kontzentratzea eragotzi, finantziazio eta baliabide nahiko, eta abar). Gure ustez, orain da momentua exijitzeko Euskal Eskola Publikoa izan behar dela gure hezkuntza-sistemaren lehentasunezko ardatz egituratzailea.

 Azaroaren 28ko mobilizazioek hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen dute eta helburu hori EHIGEk ere defendatzen du. Hala ere, ez dira posizionatzen Heziberriren kontra (LOMCE Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzen ari den tresna) eta ez du egiten Euskal Eskola Publikoaren defentsarik. Hori dela-eta, EHIGEk ez dut bat egiten Hezkuntza Plataformen Topaguneak sustatutako manifestuarekin.

 

Agur beroa.

*LOMCE eta Heziberriri buruzko dokumentu osatuagoa atxikitzen dizuegu. 

 LOMCEKO DOKUMENTUA